Goiherri Sokatira Taldearen munduko dominak omenduko dituzte Arteagan

Izaro Garcia

Emaitza horiek Goiherrik azken urteotan nazioartean egindako ibilbideari jarraipena eman diote. 

Munduko Sokatira Txapelketatik bi dominagaz bueltatu ostean, Goiherri Sokatira Taldeak aitortza berezia jasoko du zapatu honetan Arteagan. Erandioko taldeko kideek ohorezko sakea egingo dute Apurtuarteren partidua hasi aurretik, Hegoafrikan lortutako emaitzak ospatzeko.

Goiherrik irailaren 16tik 19ra Mossel Bayn (Hegoafrika) jokatutako Munduko Sokatira Txapelketan parte hartu zuen, 50 lagun inguruko espedizioagaz. Lau egunetan, gizonezkoen, emakumezkoen eta talde mistoen hainbat kategoriatan lehiatu ziren, senior zein 23 urtez azpiko mailetan. 

Domina horietako lehena kluben arteko lehiaketan iritsi zen. Goiherri A taldeko gizonek brontzea eskuratu zuten 560 kiloko kategorian. Multzoko lehen postua lortu ostean, finalerdietan Laukizko Gaztediren aurka galdu zuten; hirugarren posturako lehian, berriz, Ingalaterrako Amstey taldea mendean hartu eta podiumera igotzea lortu zuten. 

Bigarren domina txapelketaren azken jardunaldian iritsi zen. Goiherriko tiralariak Euskal Herriaren ordezkaritzaren parte izan ziren nazioarteko lehian, eta 23 urtez azpiko emakumezkoen 500 kiloko taldeak zilarrezko domina eskuratu zuen. Ingalaterra gainditu zuten finalerdietan, eta Taiwan izan zuten aurkari finalean; azken horiek nagusitu ziren, eta euskal tiralariek bigarren postuan amaitu zuten. 

Emaitza horiek Goiherrik azken urteotan nazioartean egindako ibilbideari jarraipena eman diote. Izan ere, iazko Munduko Txapelketan ere hiru domina lortu zituen Erandioko taldeak: zilarra gizonezkoen 560 kilokoan eta 23 urtez azpiko emakumezkoen 500 kilokoan, eta brontzea 23 urtez azpiko talde mistoan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun