Honduras Etxea elkarteak ALASNI jaialdiaren III. edizioa ospatuko du Erandion

Laura Fontalba Colomo

ALASNI jaialdiaren II. edizioa. © HONDURAS ETXEA ELKARTEA

Urriaren 23an, berriz, ALASNI jaialdia ospatuko dute Altzagako Merkatu Zaharrean. Helburua kultura, musika eta elkartasuna batzea izango da. Jaialdia arrastiko 18:00etan hasiko da eta sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.

Elkartearen arabera, ekimenak musika, dantza, kultura-aniztasuna eta elkartasuna batuko ditu. Horretarako, munduko hainbat tokitako kultura-adierazpenak publikoari hurbilduko dizkioten hainbat taldek parte hartuko dute; beraz, Erandioko eta Bizkaiko herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera eta "musikaz, dantzaz eta kulturarteko elkarbizitzaz" gozatzera. 

Hala ere, jaialdiaren sarrera doakoa izan arren, bertan diru-kutxa solidario bat jarriko dutela jakinarazi dute, Hondurasen egoitza duen Casa Jose fundazio txikiaren alde. Fundazio horren helburu nagusia indarkeria, abusu edo abandonu egoeran dauden ume, nerabe eta familiei laguntza integrala eskaintzea da. Beraz, elkarteak diru-kutxaren elkartasun-dimentsio garrantzitsua azpimarratu du. 

Honduras Etxeko presidente Janeth Valladaresek azaldu duenez: "Jaialdi hau kulturak elkarrengana hurbiltzeko, elkar ezagutzeko eta gizarte irekiago eta solidarioago bat eraikitzeko tresna izan daitekeela erakusteko ideiagaz sortu zen". Ildo horretan, hirugarren ediziora iristeak "bereziki pozten duela" adierazi du, proiektuak hazten jarraitzen duela adierazten duelako. "Erandio topagune bat izatea gura dugu, kultura guztiek euren tokia izan dezaten eta gure desberdintasunez gozatu ahal izan dezagun, baina baita batzen gaituen guztiaz ere", azaldu du. 

ALASNI jaialdiaren hasiera

Elkarteak dioenez, jaialdiaren izena Tawahka herri indigenaren hizkuntzako hitz batetik dator. Alasni "poza, topaketa eta ospakizuna" adierazteko erabiltzen dute; eta hori jaialdiagaz bat doa, helburua komunitate desberdinek euren kultura-adierazpenak partekatzea eta lotura berriak sortzeko espazio bat eskaintzea izan delako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun