Elkarteak hainbat egurrezko ohol ustelduta daudela eta habeen euskarrietan ere kalteak egon daitezkeela salatu zuten. Izan ere, euskarrietako batzuk lurrez eta landarez estalita daudenez, euren egoera aztertzeko beharra ikusi du. Gainera, elkarteak urteetan ez dela behar bezalako mantentze-lanik egin, eta aurreko esku-hartzeak puntualak izan direla salatu du, hala nola barandilletako zati hondatuetan piezak jartzea.
Hori guztia dela eta, Udalak bi pasabideak ixtea erabaki du, eta elkarteak ontzat hartu du erabakia, istripurik gertatu aurretik neurriak hartu dituztelako. Pasabide horiek inguruko oinezkoek eta mendizaleek erabiltzen dituzte; Goikolanda-Akarlanda ingurua Erandioko mendi-ibilbideen sarearen parte da, eta bertatik igarotzen dira, besteak beste, Goikolanda eta Karabezutxikerra inguruko ibilbideak. Hori dela eta, elkarteak pasabideen konponketak egin beharko direla gogoarazi du, berriro erabili ahal izateko.
Bizkaiko Foru Aldundiak, bere aldetik, zubietan egitura-arazorik ez dagoela eta arazoa funtzionala dela azaldu du. Beraz, itxiera kalteak sakonago aztertzeko baliatzen ari direla jakinarazi du, baina oraindino ez du zehaztu hurrengo urratsak noiz emango dituzten.