Eusko Jaurlaritzak Erandio etxebizitza-eremu tentsionatu izendatzeko prozedura abiatu du

Laura Fontalba Colomo

Legeak Los Ochos eraikinetako bizilagunen egoera alda dezake. 

Abuztuaren 26an, Erandioko Udalak udalerria etxebizitza-merkatuko eremu tentsionatu izendatzeko eskaera egin zuen; orain, eskaera hori aztertu ostean, Eusko Jaurlaritzak administrazio-prozedura abiatu duela aurreratu du. 

Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren arabera, etxebizitzen salerosketa-prezioa %22,6 igo da azken bost urteetan, eta familiek, batez beste, diru-sarreren %31,8 bideratu behar dute etxebizitza ordaintzera, Etxebizitza Legeak ezarritako mugak gaindituz.

Eskaera egin aurretik, Udalak Erandioko etxebizitza-parkearen, etxebizitza babestuaren eskariaren, etxebizitza hutsen, salerosketa- eta alokairu-prezioen eta etxebizitza turistikoen egoera aztertu zuen. Horren ostean, 2025etik etxebizitzaren prezioen igoera "familien ahalmen ekonomikoaren gainetik" joan dela ikusi zuten. 

Orain, entzunaldi-epea zabalik dago, eta, alegazioak aztertu ondoren, Erandio eremu tentsionatu izendatzeko behin betiko ebazpena etorriko litzateke, hala badagokio.

Los Ochos kasuegaz lotura

Erandio eremu tentsionatu izendatzea Tartangako Los Ochos eraikinetako bizilagunen egoera alda dezake. Izan ere, Alokairu Legeak babes gehigarri bat eskainiko lieke baldintzak betetzen dituzten maizterrei; hau da, ohiko etxebizitzaren kontratuaren derrigorrezko edo isilbidezko luzapen-epea amaitzean, maizterrak urtebeteko luzapenak eskatu ahal izango lituzke, gehienez hiru urtez, eta jabeak, oro har, onartu egin beharko lituzke, legeak aurreikusitako salbuespenetan izan ezik.

Neurriak, beraz, etorkizunean iraungiko diren Los Ochos eraikinetako kontratuetako batzuei eragin liezaieke, nahiz eta urrian dagoeneko amaitutakoei ez liekeen automatikoki atzeraeraginez eragingo. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun