
Erandioko LHIIko Ikuskizunen Ekoizpeneko ikasleek antolatuta, GURE! jaialdia diziplina anitzeko ekimena dela azaldu dute. Egitarauak kontzertuak, antzezlanak, lehiaketak, proiekzioak, tailerrak eta hainbat jarduera biltzen ditu. Beraz, publiko zabal, askotariko eta adin guztietakoari zuzendutako ekitaldia denez, "taldean, familian edo bakarka" gozatzeko aukera ematen duen jaialdia dela azaldu dute.
Antolatzaileek diotenez, jaialdia tokiko konpromiso sozial argiagaz sortu da. Euren hitzetan, jaialdiak "Erandion euskara eta kultura sustatu gura ditu, tokiko merkataritza bultzatu eta ikusarazi, eta gizartean genero-berdintasuna sustatu, ikusgarritasun txikia duten kolektiboei lekua eginez". Gainera, kontzientzia hartzeko deia ere egiten dutela azpimarratu dute, "funtsezko balioei helduz" eta "ingurumenaren zaintza sustatuz".
Parte hartzeko aukera
Lehiaketan parte hartzeko, bi kategoriak hartu beharko dira kontuan: batean, Erandioko bizilagunek parte hartu ahal izango dute; bestean, Tartanga LHIIko ikasleek eta Erandioko Musika Eskolako ikasle zein ikasle ohiek. Izen-emate epea urriaren 26tik azaroaren 9ra egongo da zabalik, eta izen-ematea Instagrameko argitalpen baten bidez egingo da. Gainera, irabazleak 1.000 euroko saria jasoko duela gogoratu dute, baita jaialdian parte hartzeko aukera izango duela ere.