EH Bilduk E!BUSAren lizitazio berria 16 hilabete berandu abiatu izana salatu du

Laura Fontalba Colomo

EH Bilduk udal-zerbitzuen plangintza eta kontrol handiagoa izatea eskatu du.

2019an, E!BUSA zerbitzuaren kontratua Transitia SL enpresari esleitu zioten. Kontratuaren iraupena sei urtekoa zen, eta 2025eko maiatzean amaitu behar zuen. Hala ere, EH Bilduk salatu duenez, lizitazio berria ez zuten 2026ko urriaren 4ra arte argitaratu.

Erandioko udal-autobus zerbitzuaren aurreko kontratua 2019ko maiatzean sinatu zuten, sei urterako. EH Bilduren arabera, Udalak bazekien kontratua noiz amaituko zen; hala ere, kontratu berria garaiz prestatu beharrean, lizitazioa abiatzeko 2026ko urrira arte itxaron izana leporatu dio udal-gobernuari.

Lizitazio berria urriaren 4an argitaratu zuten. Hasiera batean, eskaintzak aurkezteko epea azaroaren 2an amaitzekoa zela adierazi zen, baina espedientea zuzendu ostean, azaroaren 20ra arte luzatu dute. Hala ere, EH Bilduk prozedura oraindino adjudikatu gabe dagoela adierazi du.

Hori dela eta, EH Bilduk udal-gobernuari kontratuaren amaiera aurretik lizitazio berria ez aurreikustea leporatu dio, eta atzerapen horrek zerbitzuaren egoeran ondorioak izan dituela dio. Era berean, EAJren eta PSE-EEren udal-gobernuari erantzukizun politikoa egozten dio, eta bereziki PSE-EEri, garraioaren kudeaketaren ardura duelako.

Lizitazio berria 

Lizitazio berriaren helburua Erandioko hiri-garraio zerbitzua berriro kontratatzea da. Aurreko kontratuan bezala, lau urteko iraupena aurreikusi dute. Prozesua irekia izango da, eta aurrekontua 3.159.491,97 eurokoa izango da, BEZik gabe.

Horrez gain, EH Bilduk zerbitzuaren egungo egoera salatu du. Taldearen arabera, 2019an erositako autobusek kilometro asko pilatu dituzte, matxurak gero eta ohikoagoak dira eta horrek zerbitzuaren kalitatea kaltetu du.

Egoeraren aurrean, taldeak lau eskaera egin ditu: zerbitzua bermatzeko berehalako irtenbideak hartzea; autobusak egoera onean egotea eta zerbitzu fidagarria eskaintzea; garraio publikoaren kalitatea bermatuko duen kontratu berria egitea; eta udal-zerbitzuen plangintza eta kontrol handiagoa izatea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun