Erandiok eremu bakarreko TAOa proposatu du Altzagan, Astrabudun, Lutxanan eta Enekurin

Laura Fontalba Colomo

Abenduaren 4ra arte, herritarrek euren iradokizunak egin ditzakete. © ERANDIOKO UDALA

Erandioko Udalak TAOa arautuko duen ordenantzaren zirriborroa aurkeztuko du. Proposamenaren berritasun nagusia udalerrian TAOrako eremu bakarra ezartzea izango da, 22:00ak arteko ordutegiagaz. 

Udalaren zirriborroan lau gune aipatzen dituzte: Altzaga, Astrabudu, Lutxana eta Enekuri. Erandioko gune horietan TAOa ezartzea proposatu dute, euren artean bereizketak egin barik, 22:00ak arte, astelehenetik barikura. Gainera, eremu bakoitzean doako bi aparkalerku-eremu egongo lirateke, ibilgailuak gehienez 9 orduz uzteko. Beraz, Altzaga, Astrabudua, Lutxana eta Enekuriko kaleetan aparkalekua araututa egongo litzateke.

Adierazi dutenez, ez-egoiliarrek gehienez lau orduz aparkatu ahal izango lukete, doako eremu horietatik kanpo. TAO txartelei dagokienez, bi mota egongo lirateke: egoiliarrentzakoa, erroldatutako pertsonek eskuratu ahal izango luketena, ibilgailua kalean denbora-mugarik barik uzteko; eta baimendutakoentzakoa, erroldatuta ez dauden titular edo erabiltzaileen ibilgailuentzat.

Hala ere, abenduaren 4ra arte, herritarrek euren iradokizunak egin ahal izango dituzte. Alkateak jakinarazi duenez, ordenantza berria onartu aurretik herritarren iritzia jaso gura dute, behin betiko ezaugarriak oraindino zehaztu barik daudelako.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun