Urriaren 30ean eta 31n, Erandioko Merkatu Zaharrak tokiko merkataritzan bost zentzumenen bidez erosteko esperientzia eskainiko du. Ekitaldia ondo pasatzeko eta tokiko saltokietan erostearen onurak ezagutzeko helburuagaz antolatuko dute.
Dastamenari dagokionez, eskualdeko "benetako zaporeak" dastatzeko bertako produktuak eskainiko dituzte: pintxo tradizionaletatik hasi eta euskal gazta bikainetaraino helduko dira. Antolatzaileen hitzetan, sukaldaritza-bidaia izango da, eta hozkada bakoitzak tradizioaren eta zaporearen inguruko istorio bat kontatuko du, "zentzumenentzako benetako plazera" eskainiz.
Ikusmenaren zentzumena produktu freskoen koloreekaz landuko dute, baita moda boutiquetako jantzien eta ehunen aniztasunagaz. Era berean, saltoki bakoitzeko usainek kontatzen dituzten istorioak izango dira usaimenaren protagonistak.
Entzumenari dagokionez, saltokietan izaten diren elkarrizketa bizien hotsek eta giro-musikak giro atsegin eta bizia sortuko dutela azaldu dute. Horretarako, saltoki bakoitzak bere historia azaltzeko gune bat izango du.
Azkenik, ukimenaren bidez, tokiko saltokietako ehun bereziak ukitu eta jantzien kalitatea zein leuntasuna hautemateko aukera izango dute bertaratzen direnek. Ekitaldiaren helburua, beraz, merkataritza zentzumen guztien bidez sentitzea eta bizitzea izango da.
Sarrera doakoa izango da, eta ez da aldez aurretik izena eman beharko. Urriaren 30ean, barikuan, 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 20:30era egongo da zabalik; eta urriaren 31n, zapatuan, 11:00etatik 14:30era.