Itsasadarreko oinezkoentzako eta bizikletentzako ardatza eraikitzeko proiektua dela eta, azaroaren 1eko 22:00etatik azaroaren 6ko 06:00etara, gauero, Erandioko Itsasadarreko errepidean trafikoa guztiz moztuko dute, BI-711 eta BI-735 errepideen arteko bidegurutzetik San Jeronimo kaleraino.
Obrek Bizkaibusen zerbitzuari ere eragingo diote. Aldundiak jakinarazi duenez, azaroaren 1etik 5era, 22:00etatik hurrengo eguneko 06:00etara, lau geraleku aldi baterako kenduko kenduko dituzte bi noranzkoetan: Ribera Erandio , Jose Luis Goioaga, Altzaga –Pasaia/Pasaje– eta Jose Luis Goioaga –Axpeko Dartsena–.
Lutxana eta Altzaga arteko lanek BI-711 Itsasadarreko errepidearen 1,72 kilometro inguruko tartea erabat berrantolatzea dute helburu. Proiektuaren arabera, itsasadarraren ondoko aldean oinezkoentzako 2,6 eta 3 metro arteko zabalera duen bidea eta bizikletentzako 4 metroko bidea egingo dituzte. Ibilgailuentzako galtzada mantenduko da eta eraikinen aldeko espaloia ere egokituko dute, gutxienez 3 metroko zabalera jarraitua izateko. Tarte batzuetan, beharrezko zabalera lortzeko, itsasadarraren gaineko hegal-egiturak ere eraikitzea aurreikusten dute. Aldundiaren arabera, 15 milioi eurotik gorako obra izango da eta, egungo kontratuaren arabera, azaroaren 15erako bukatzea aurreikusita dago.
