Erandioko tren-kotxetegi berriak 30 tren-unitate inguru hartzeko gaitasuna izango du

Laura Fontalba Colomo

Arriagas/Playabarri inguruan egingo dute, 30 tren-unitate inguru hartzeko gaitasunagaz.

Erandioko Arriagas/Playabarri inguruan egingo den metro-trenen kotxetegia hasierako proiektuan aurreikusitakoa baino handiagoa izango dela aurreratu dute. Instalazioak 30 tren-unitate inguru hartzeko gaitasuna izango du, eta Eusko Jaurlaritzak 2029an martxan jartzea aurreikusten du. 

Azpiegitura metro eta tren sarearen etorkizuneko zabalkundeari erantzuteko eraikiko dute, batez ere 3., 4. eta 5. lineetako tren-unitateei zerbitzua emateko. Hasierako proiektuak 20 tren-unitate inguru gordetzeko diseinua zuen; egungo planteamenduak, berriz, edukiera 30 tren-unitate ingurura handitzea aurreikusten du.

Proiektua Bilboko metro-sarearen hedapenagaz lotuta dago, bereziki 4. linearen garapenagaz eta datozen urteetan tren-parkea handitzeko aurre. Horri esker, Erandioko instalazioa Bizkaiko tren-kotxetegirik handiena izatea aurreikusten da, 30 tren-unitate inguruko edukieragaz. 

2022ko oinarrizko proiektuak 25,83 milioi euroko aurrekontua zuen, BEZa barne. Orain, Euskal Trenbide Sareak –ETS– proiektua handitzeko eguneraketa esleitu berri du; eta instalazio berriak 40 milioi euro inguruko inbertsioa izan dezake, 3., 4. eta 5. lineetako trenak hartzeko helburuagaz. 

Azaldu dutenez, azpiegitura ez da trenak gordetzeko kotxetegi hutsa izango. Besteak beste, trenak garbitzeko instalazioak, ikuskapen-hobia, mantentze-eremua, biltegiak eta langileentzako zerbitzuak aurreikusten dituzte.

Egungo aurreikuspenen arabera, obrak 2027tik aurrera hasiko lirateke, eta instalazioa 2029an martxan jartzea da helburua.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun