Erandioko 37. Herri Krosa ospatuko dute domekan

Laura Fontalba Colomo

Erandioko Herri Krosaren irteera, artxiboko irudia. ERANDIOKO ATLETISMO CLUBA

Azaroaren 8an, domekan, Erandioko Atletismo Eskolak antolatuta, XXXVII. Erandioko Herri Krosa egingo dute Altzagan.

Antolatzaileek diotenez, hiru motatako probak egingo dituzte. 2011tik 2020ra jaiotako umeentzat eskola-lasterketak prestatu dituzte. Horiek 10:30ean hasiko dira, eta, adinaren arabera, umeek 500 metro inguruko zirkuituari bira batetik lau bira arte emango dizkiote. 

Familia-lasterketan, adin guztietako pertsonek parte hartu ahal izango dute. Lasterketa hori 11:50ean hasiko da, eta 750 metro ingurukoa izango da. Azkenik, 2010ean edo lehenago jaiotakoentzat, proba nagusia antolatuko dute. 12:30ean hasita, 7 kilometro ingurukoa izango da. 

Proba guztien irteera eta helmuga Tartanga kalean egongo dira, Erandioko kiroldegiaren parean. Parte-hartzea doakoa izango da guztietan, baina aurretik izena eman beharko da, familia-lasterketan izan ezik.

Lasterketak bi izaera izango ditu: omenaldia eta elkartasuna. Aurtengo edizioan, Alejandro Marin Dobaran omenduko dute, Getxoko Atletiko klubeko atleta, monitore eta zuzendaritzako kide izandakoa. Antolatzaileek azaldu dutenez, dortsalek eta lasterketaren publizitateak haren izena eramango dute, eta lagun hurbil batzuk ere bertaratuko dira omenaldira. 

Bestalde, elkartasunari dagokionez, Aunar Elkarteari lagunduko diote, esnea eta olioa emanez; eta Creando Futuros elkarteari ere lagunduko diote, Senegalen egiten dituen proiektuak ezagutaraziz.

Egitaraua: 

Azaroak 8, domeka

  • 10:30 Infantilak eta kadeteak mutilak.
  • ​​10:40 Infantilak eta kadeteak neskak.
  • ​​10:50 Alebinak mutilak.
  • ​​11:00 Alebinak neskak.
  • ​​11:10 Benjaminak mutilak.
  • ​​11:20 Benjaminak neskak.
  • ​​11:30 Pre-benjaminak mutilak.
  • ​​11:40 Pre-benjaminak neskak​.
  • ​​11:50 Lasterketa familiarra.
  • 12:00 E/G​​.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun