Aidatu elkarteak ondoeza ikuspegi komunitariotik aztertuko du Erandioko Merkatu Zaharrean

Laura Fontalba Colomo

Azaroaren 20an, Erandioko Merkatu Zaharrak Ondoezari eusteko sareak jardunaldia hartuko du.

Barikuan, Aidatu Euskal Suizidiologia Elkarteak, Erandioko Udalagaz elkarlanean, suizidioaren prebentziotik harago jarriko du fokua. Antolatzaileen hitzetan, sufrimendu hori "komunitatearen, gizarte-sareen edo aldaketa sozialen bidez zenbat arindu daitezkeen" aztertuko dute.

Ondoezari eusteko sareak izeneko jardunaldia barikuan egingo dute Erandioko Merkatu Zaharrean, 09:00etatik 14:15era. Aidatuko Cristina Blancok jakinarazi duenez, orain arte, 230 pertsona baino gehiago izena eman dute, eta edukiera bete da; beraz, izen-ematea itxita dago, baina jardunaldiaren grabazioa Aidaturen YouTube kanalean jarriko dute datorren astean. 

Jardunaldia Erandioko Udalak eta Aidatuk 2026-2027rako duten lankidetza-hitzarmenaren barruan kokatzen da. Ildo horretan, Udalak, Suizidioaren Prebentziorako Nazioarteko Egunaren harira, herritarrentzako gida bat ere argitaratu zuen, alerta-seinaleak, laguntzeko moduak eta laguntza-baliabideak jasotzen dituena. Orain, jardunaldiagaz gaur egungo gizartean sortzen diren ondoezak aztertuko dituzte, eta sufrimendu horiei aurre egiteko babes-sare eta baliabide kolektiboek izan dezaketen eginkizuna landuko dute.

Egitaraua: 

Azaroak, 20

  • 10:15-11:15 Rompiendo con la individualización del malestar hitzaldia, Kike Esnaola, psikologo eta hezkuntza-orientatzailea.
  • 11:45-12:45 Acompañar desde un cambio en la mirada: escuchar y validar hitzaldia, Inmaculada Aragon, psikologoa.
  • 12:45-13:45 Malestares percibidos y acciones para sostener y recuperarse mahai-ingurua. Nerea Perez-Uria larrialdietako psikologoak, Monica Dieguez gerontologiaren arloko psikologoak eta Xabier Ceballos La Salleko BATeko zuzendari eta kideak parte hartuko dute. Cristina Blanco Aidatuko presidenteak moderatuko du.
  • 13:45 Lova Lois poeta eta artistaren kultura-emanaldia.
  • 14:00 Jardunaldiaren amaiera, Iñaki Elorzako eskutik. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun