Egitaraua

Erandiok memoria, kultura eta mobilizazioa uztartuko ditu A25an

Laura Fontalba Colomo

Azaroaren 25ean, 19:30ean, Damatxo Erandioko Emakumeen Elkarteak Euskadi plazan egingo den elkarretaratzera deitu du. 

Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira, Erandioko Udalak eta herriko emakumeen elkarteek bost eguneko egitaraua aurkeztu dute. 

Jarduerak gaur bertan hasiko dira 19:00etan, Erandioko Euskadi plazan. Auzokoa Herrikoi Elkarteak eta Herri Bideak Kate Barik elkarteak antolatuta, indarkeria pairatu duten emakumeen omenezko kartelak jarriko dituzte Amatxo eskulturan, A25a ikusarazteko. 

Jarduerek azaroaren 20an jarraituko dute, Erandioko Emakumeen Elkartearen eskutik. Elkartearen lokalean, 18:30ean, Alazne Díez Muñizek Zarzas, raíces y frutos de la memoria liburua aurkeztuko du. Dibulgazio antropologikoko saiakera eleberritua da, benetako elkarrizketetatik jasotako istorioak, biografiak, gizarte-historia, tradizioak, ohiturak eta kondairak uztartzen dituena. 

Azaroaren 25ean, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, Erandioko Emakumeen Elkarteak elkarretaratzerako deialdia egin dute, goizeko 12:00etan, Irailaren 23a plazan. Bertan, manifestua irakurriko  dute, eta, ostean, esku moreen lorategirainoko kalejira egingo dute. Arrastian, berriz, Damatxo Erandioko Emakumeen Elkarteak beste elkarretaratze bat egingo du 19:30ean Euskadi plazan, elizaren aurrean.

Jarduerak ez dira azaroak 25ean amaituko. Eguenean, azaroaren 26an, Andrea Momoitioren hitzaldia izango da Gaztetxokoan, arrastiko 19:00etan, eta doakoa izango da. Hitzaldian, Momoitiok memoria historikoa eta ikuspegi feminista uztartuko ditu: frankismoan eta Trantsizioan emakumeak kontrolatzeko eta legeak aztertuko ditu, hala nola, Emakumea Babesteko Patronatua, kartzelak, Alferren eta Gaizkileen Legea eta Arrisku Sozialaren Legea. 

Azkenik, azaroaren 27an, Erandioko Emakumeen Elkarteak Verano en diciembre filmaren zineforuma egingo du arrastiko 18:00etan. Filmaren ardatz nagusiak familia bereko hainbat belaunalditako emakumeen arteko harremanak dira: zaintza, gatazka familiarrak, frustrazioak, beldurrak eta norberaren bizi-proiektuak. Carolina Africa zuzendutako filma da, eta bertan hainbat aktore ezagunek parte hartzen dute, Carmen Machi, Barbara Lennie, Victoria Luengo eta Irene Escolar, besteak beste. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun