Aurkeztutako planean, hiru proposamen batu dituzte: udalerriko aparkaleku-beharrak objektiboki neurtzea, datu horiekaz jarduketak planifikatzea, eta plana etorkizuneko hirigintza-garapenen eta aprobetxamendu urbanistikoen bidez finantzatzeko aukera aztertzea.
Taldeak dioenez, gaur egun Altzagan eta Astrabuduan 1.500 behin-behineko aparkaleku inguru daude; baina hurrengo 24-36 hilabeteetan, Bereterretxe kalean –azokan–, Martiartun eta Caesa inguruan 600 plaza inguru desagertu daitezke. Halaber, Altzagan 1.200 bat behin-behineko plaza eta Astrabuduan 300 inguru daudela diote. Bereziki nabarmendu dute azokako aparkalekuko 200 plaza ingururen balizko desagerpenak Altzagako egoera larriagotu dezakeela.
Horren aurrean, Udal Gobernuak Aparkaleku Plan Integrala egitearen alde egin du, baina koordinakundeak eskatu bezala aparteko plan gisa garatu beharrean, Erandioko Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren –PMUS– berrikuspenaren barruan txertatzea proposatu du.
Koordinakundea erabaki horren aurka agertu da; euren ustez, horrek jatorrizko hiru akordio-puntuak "desagerrarazten" ditu eta, bereziki, planaren hasiera PMUSren berrikuspenari lotzeak kezkatzen die, horrek epeak luzatu ditzakeelako.
Horregatik, gaur berriz ere, aparkaleku-azterketa berri bat berehala kontratatzea eskatu dute, 2020ko LEber azterketa eguneratzeko eta gaur egungo zein etorkizuneko plazen egoera kuantifikatzeko. Era berean, TAOren emaitzen zain ez egotea eta PMUSak planaren hasiera ez atzeratzea eskatu dute.
Hori guztia adosteko, koordinakundeak auzokide, alderdi, merkatari eta ostalariakaz prozesu parte-hartzaile bat proposatu du; eta Udal Gobernuari 100 eguneko epea emango diote "konpromisoa abiarazteko". Diotenez, 2027ko otsailaren amaieran aurreikusitako urratsak egin ez badira, protesta eta auzo-ekintzak areagotuko dituzte.