Hiru gazte atxilotu dituzte Algortan auzokide bat hertsatzea egotzita

Iker Rincon Moreno 2015ko urt. 22a, 08:00

Ertzaintzak hiru lagun atxilotu ditu Algortan hertsapen eta mehatxu delituak egotzita, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Ustez, atxilotutako hiru gazteak Valladoliden bizi den pertsona batek kontratatu zituen, Algortan bizi den pertsona bat hertsatzeko.

Joan den astelehenean, hilak 19, zerbitzuz kanpo zegoen ertzain batek Algortan jarrera susmagarria zuten hiru pertsonaren presentziaz ohartarazi zuen goizeko 9:20ean. Hainbat ertzain tokira bertaratu eta Seat Ibiza baten barruan zeuden hiru lagun identifikatu zituzten. Polizia-iturrien arabera, gazteek azaldu zutenez, autoa lagun batek utzitakoa zen; hala ere, poliziek baieztatu zuten Valladoliden alokatutako kotxea zela, eta aurreko egunean itzuli behar zutela. Hala, ertzainek hiru lagunak atxilotu zituzten auto lapurreta egotzita.

Kotxearen barrualdean torloju eta laban bana eta inguru horretan bizi den bikote baten helbidea eta izen-abizenak zituen paper bat aurkitu zuten kopilotuaren zerriaren azpian ezkutatuta. Hala, ertzainek bikoteagaz kontaktatu eta jazoera horretaz informatu zituzten. Horietako batek, Valladoliden bizi den gizon baten kontrako prozedura judizial batean murgilduta dagoela azaldu zuen. Horren arabera, valladolidtarrak behin baino gehiagotan mehatxatu zuen azken urteetan, eta gertatutakoaren atzean egon zitekeela uste zuen.

Poliziek Seat Ibiza alokatu eta mehatxuen autorea berdina zela baieztatu zuten. Horregaz kontaktatu eta honek gaixorik zegoelako kotxea itzuli ez zuela eta ez ziola inori utzi azaldu zuen. Hala ere, ebidentzia guztien aurrean, hertsapen eta mehatxu delitua egotzi diote gizonari.

Atxilotutako 21, 24 eta 27 urteko gazteak epailearen aurretik igaro dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun