Egun hauetan Melillara bueltatuko da Olentzeroren biloba, Gabonetan ez baitzioten utzi bere lana bukatzen. Espainia eta Maroko banatzen duen muga zeharkatzera zihoala, Iñigo Iraultza "Iru" aktore itzubaltzetarra atxiki egin zuten herrialde afrikarreko poliziek; eta bi orduz gela txiki batean sartu, berak adierazi duenez. Beste aldera pasatzeko aukerarik ez zuen izan. Denbora luzez Gurugu mendian hezia zeharkatzeko zain dauden horiei dagoeneko muga igaro duten senide eta lagunen bideo-mezuak helaraztea zen Olentzeroren bilobaren asmoa. Gainera, lana borobiltzeko, Melillako irudiak ere txertatu nahi ditu “Olentzero Munduan, Arraun the World” proiektuaren inguruan egiten dabilen dokumentalean. Ondoren, eskoletan zein zinema aretoetan eman gura dute hori, haurrentzat aberasgarria izan daitekeelakoan.
Joandako Gabonetan, bi anaiaren istorioak eraman zuen Olentzeroren biloba Melillara. Bi mutilak alkarrekaz abiatu ziren Gambiatik, eta batek hesia zeharkatu zuen, baina besteak ez. Gurugu mendian bi urte daramatza eta anaiak ez du bere berririk. Bi anaien istorioak Melillako hesian gertatzen ari dena islatzen du.
Duela urte batzuk Iñigo Iraultza "Iru" aktorea Olentzeroren iloba bihurtu eta munduko bira emateari ekin zion, hemen bizi direnen nahikariak, opariak eta bideo bitartezko mezuak munduko beste herrialde batzuetan maite dituzten pertsonei helarazteko. “Olentzero Munduan, Arraun the World” izena jarri diote proiektuari. Lehen etapan Euskal Herria eta Afrika lotu zituen Olentzeroren ilobak. Bigarren bidaian, ordea, hiru hilabetez jardun zuen ametsak eta ilusioa banatzen Mexikon eta Ertamerikan (Guatemala, Honduras eta Nikaragua). Eta 2013an Filipinasen.