Bere lehenengo eleberriaz jardungo du bihar Ana Jakak

Iker Rincon Moreno 2015ko urt. 28a, 08:00

Ana Jaka bere lehenengo eleberria aurkezten Durangoko Azokan (cc-by-sa 9621cuatro11)

Urte berriari hasiera emateko, Ana Jaka idazle andoaindarra deitu du Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoak, "Ez zen diruagatik" liburuaz berba egiteko. Solasaldia eguenean (urtarrilak 29) izango da, 19:30ean, Villamonteko kultur etxean.

Ana Jakak hirukote “atipiko” baten gorabeherak kontatu ditu bere lehenengo eleberrian. Emakume zakar eta zabar samarra da Olga, ez lanik, ez dirurik, gaztarotik urruntzen eta etorkizunik gabeko harreman erdipurdiko batean kateatua dagoena.

Pisuko kidea du Dani, etxetik ihes egin eta zerbitzari gisa lan egiten duen gaztetxoa. Eta hirukote atipikoa osatzera dator Mikel, bizimodu normalagoa daraman adin ertaineko gizasemea, baina iraganetik dakarren zamatik askatu ezin duena. Pertsonaien harremanetan, haien psikologian eta sentimenduetan oinarrituriko eleberria dugu hau, baina ez inola ere sentimentala eta gozoa. Adiskidetasunaren balioa, leialtasunaren zentzua, bikotekide bati zer eskatzen ahal diogun, diruak eta diru ezak sortzen dizkiguten katramilak… horra orri hauetan topa daitekeen koktelaren zenbait osagai.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun