Zurrumurru arrazistak isilarazteko eskolak Faduran

Iker Rincon Moreno 2015ko urt. 22a, 08:00

Urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean Zurrumurrurik Ez Akzioaren Eskolaren lehenengo edizioa egingo dute Algortako Fadura kiroldegian. Antirumours... in motion lelopean, hezkuntza, hausnarketa eta elkar bizitzaren ekintza izango da. Horrez gainera, zurrumurruen kontrako estrategian parte hartzen dutenei eta baita horregaz bat egin nahi dutenei ere zuzenduta egongo da.

“Elkar harremanerako gunea izateaz gain, trebetasunak eta gaitasunak landu nahi ditugu zurrumurruen kontrako gure eginkizunean lagun diezaguten, baita gure ingurune pertsonal eta profesionaletan ere”, azaldu du Elena Coriak, Immigrazioko Unitateko zinegotziak.

Programa gaikako sei mintegik, bi eztabaida-mahaik eta bi tailer praktikok osatuko dute. Zapatuan, Komunikazio eraginkorra, Ekintzen antolaketa eta "Sare Sozialak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak" izeneko mintegiak izango dira, 11:00etatik aurrera; bestalde, 16:00etan Bozeramaileak, Entzuleen dinamizazioa eta "Ez irentsi gezurrik! edo arima kritikoa landu" ahal izango dira. 19:30ean eztabaida mahaiak egingo dituzte: "Zurrumurruen aurkako borroka eta hedabideak", eta "Zurrumurrurik ez estrategia eta gatazka pertsonalak", hain zuzen ere. Domekan, berriz, 11:00etatik aurrera, hurrengo bi tailer praktiko izango dira: "Zurrumurruen kontrako baloreak nire inguruan gehitu", eta "Zurrumurrurik ez esperientzia". Tailerretan parte hartu nahi duenak urtarrilaren 25era arte izango du epea izena emateko udal webgunean bete beharreko galdetegiaren bitartez

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun