Atxabal eta Moreno gazteei desordena publikoak, desobedientzia eta agintaritzari eraso egitea leporatzen dizkiete 2008. urtean Durangon Herri Batasunaren 30. urteurrena ospatzeko ekitaldia Espainiako Auzitegi Nazionalak debekatu ostean jazotako gertakariengatik. Hori dela eta, Fiskaltzak 2 urte eta 9 hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du bi gazteentzat. Guztira, 9 pertsona daude auzipetuta kasu horretan. Fullaondo, berriz, beste 34 lagunagaz eseri beharko da akusatuen aulkian Batasuna, Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunista (EHAK) eta Eusko Abertzale Ekintza (EAE-ANV)alderdietako zuzendaritzen kontrako 04/08 sumarioaren baitan. Fiskaltzak 10 urteko espetxe-zigorra eskatzen du horientzat.
Hiru auzokide hauen epaiketak urtarrilaren 12an hastekoak ziren, Bizkaiko Lurralde Auzitegian eta Espainiako Auzitegi Nazionalean, hurrenez hurren. Hala ere, egun horretan bertan euskal abokatuen kontrako sarekada burutu zuen Guardia Zibilak, eta atxilotutako 12 abokatuetatik lauk epaiketa horietan aritu behar ziren: Kepa Mancisidor, Bilboko epaiketan; eta Amaia Izko, Eukene Jauregi eta Haizea Ziluaga, Madrilgoan. Hala, bi prozesuak atzeratu behar izan zituzten akusatuen berme nahikorik ez zegoelako. Hiru egun geroago, Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak abokatuak aske uzten zituela jakin ondoren, Zigor Aretoko Bigarren Sekzioak urtarrilaren 29a aukeratu zuen 04/08 sumarioaren epaiketa hasteko. Atxabal eta Morenoren aurkako prozesua, berriz, oraindik ez dute zehaztu noiz hasiko duten.
Guzti horrez gain, Mikel Morenok beste auzi bat du zain. 2013. urtean Urduñan ospatutako Gazte Danbada jaialdian Xabier Lopez Peña euskal preso hilberria gogoan izateagatik terrorismoa goratzea leporatzen diote, beste zortzi lagunakaz batera. Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak hamazortzina hilabeteko kartzela zigorra eskatzen du horientzat.
Gabi Basañez, berriz, 2010eko irailaren 28an atxilotu zuten Askapenaren kontrako sarekadan. Hurrengo urteko apirilaren 2an aske gelditu zen, fidantzapean, eta oraindik ere ez dago zehaztuta noiz hasiko den bere aurkako epaiketa.