Guztira, 135.000 euro inguru bideratuko dituzte lan horietara. Hala, Aurrezki Kutxa eta Santa Eugenia kaleen arteko tartean, albo bietan dauden aparkalekuak kendu, espaloiak zabaldu eta errepidea maila berean kokatuko dituzte. Horrez gainera, argiztapen berria eta "eraginkorragoa" ezartzea aurreikusi dute. Imanol Landa alkateak azaldu duenez, "Areeta eta Itzubaltzeta / Romo artean igarotzeko gunea da konponduko duguna. Denda eta tabernak ditu, eta gaur egun arazo handiak ditu oinezkoei begira, espaloiak estuak direlako eta kalearen albo bietan aparkalekuak daudelako".
Proiektua, auzoko erdigunearen bizi-kalitatea hobetzeko asmoz egin diren lanen testuinguruan kokatu dute udal arduradunek. Gobernu taldeak auzoa berroneratzeko aspaldi abiarazi zuen plana da, besteak beste, honako jarduerak jaso dituena: Errekagane eta Luis Lopez Oses kaleen zaharberritzea, hainbat kaletako espaloiak zabaltzea, saneamendu sarearen berritzea eta Errekagane eta Chavarri-Zuazo parkeen erreforma integrala.