ALBEren urteurreneko ospakizunak lau haizetara

Iker Rincon Moreno 2015ko urt. 28a, 11:49

Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) 35 urte beteko ditu aurten. Ospakizunen berri emateko asmoz, ekitaldia antolatu dute urtarrilaren 29rako, eguena. Hitzordua 20:00etan jarri dute Algortako Usategi kafe­tegian.

Baina, aurkezpen-berbez eta 35. urte­urre­neko jardueren be­rri ema­teaz gain, beste hainbat kontu egongo dira bertaratutakoen gozamenerako. Besteak beste, aho-gozagarria, bertsoak, musika eta kantak agindu ditu ALBEk.

Algortako Bertsolari Eskola ber­bagai, 1980. urtean sortu zen gaur ALBE izenez ezagutzen dugu­na, Trino Azkoitia eta Andoni Iriondoren eskutik. Bertsolaritzaz go­za­tzeko talde natural gisa sortu zen. Gaur egun, urtean 50 ekitaldi inguru antolatzen ditu Getxon zein eskualdean: tartean, balkoitik balkoirakoa, Abra sariketa, feste­tako saioak… Ekimen berrien artean, Azebarri elkartea sortzea bultzatu dute.

Bertso Eguna

Halandabe, zapatuko (hilak 31) zita buruan ere badaukate Algortako eta Uribe Kostako bertsozaleek. Egun horretan ospatuko baitu Bertso Eguna Euskal Herriko Bertsozale elkarteak, Donostian. Gainera, aspal­diko partez, Algortatik bertsozaleen jaialdi handira joateko autobusa edu­kiko dute aurten tokikoek. Horren gaineko informazioa Biz­kaiko Bertsozale Elkarteari eska dakioke, 657 794 734 telefono zen­bakira deituta.

Bertso Eguneko eskaintzari dago­kionez, 12:00etan emango diote hasiera jardunaldiari Donostiako Alde Zaharrean. Ekitaldi nagusia, baina, Kursaal-ean egingo dute, 18:00etatik aurrera. Gauerako, afa­ria eta festa antolatu dituzte 21:00etarako, Manteo kiroldegian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun