Gaua kalean eman behar izan dute Itzubaltzetako hainbat bizilagunek

Iker Rincon Moreno 2015ko urt. 28a, 11:53

Iberdrolaren sare elektrikoaren gomazko hainbat tututan izandako suteak eragin du bart, martitzen gauean, Itzubaltzeta / Romoko Ibaiondo kaleko 13 zenbakiko auzokideak etxetik atera behar izatea. Horrez gainera, bertan dagoen mintzaleku bat itxi behar izan dute.

Gaur goizeko 00:45ak aldera, eta Iberdrolako langileek konponketak egin ondoren, istripuaren eragina jasan duten pertsonak beren etxeetara itzuli dira. Halere, mintzalekua gaur goizean zehar itxita egongo da, lokalaren barruan CO gas maila neurtzeko lanak egin arte. Zorionez, ezbeharrean ez da inor intoxikatu.

Udaltzainez eta Getxoko Babes Zibilaren arduradunaz gain, gertaeran suhiltzaileek eta Ertzaintzak ere esku hartu dute. Modu berean, Imanol Landa alkatea ere bertan egon da gertatzen ari zenaren berehalako berri zuzena eduki ahal izateko.

Udaltzaingoak 20:45ean dei bat jaso zuen Ibaiondo kaleko 13 zenbakiko etxebizitza baten barruan “gas” usain gogorra zegoela ohartarazteko, udal iturriek zabaldu dutenez. Polizia unitate batzuk eta Naturgas enpresako teknikariak bertaratu ondoren, egiaztatu zuten ez zegoela gas ihesaldirik, baizik eta lurperatutako sare elektrikoaren gomazko tutu bat erretzen ari zela eta horrek usaina eta auzokideen arteko alarma eragin zituela.

Berehala, Iberdrolako langileak heldu ziren matxura topatu eta konpontzeko. Horiek ikusi zuten COren presentziaren arrazoia lurperatutako hainbat tutu elektrikoen materialak erre izanagatik zela. Auzokideei gertatutakoaren berri eman zieten. Karbono-monoxidoaren poltsa kalean egon arren, hori 13 zenbakiko atarian sartu zela ikusi zuten teknikariek, eta neurri txikiagoan 11koan ere. Horregatik, eta prebentzio moduan, 13 zenbakiko atariko bizilagunei eskatu zieten etxetik ateratzeko eta ondoan dagoen establezimendua ixtea ere erabaki zen.

Aldi berean, gertu dauden gainontzeko atarietan ere neurketak egin ziren, baina horietan ez zen karbono-monoxidoaren abarrik aurkitu. Arriskua desagertu ondoren, gaur goizaldeko ordu-bata aldera, auzokideak etxera itzuli ahal izan dira eta Iberdrolako langileak matxura konpontzen segitzen dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun