Jarduerak egiten laguntzeko 219.000 euro banatuko ditu Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2015ko urt. 30a, 11:02

Getxoko udalerrian edota getxoztarrei zuzendutako jarduerak egiten dituzten elkarteentzako diru-laguntzak eskatzeko epea otsailaren 16ra arte luzatu du tokiko Udalak. Aurten, 219.650 euro bideratuko dituzte horretarako; gainera, aurrekoetan ez bezala, proiektuaren jasotzaileetatik %50 getxoztarra izan beharko da (iaz %40 zen), edota proiektua bere osotasunean Getxon aurrera eraman behar izango da.

Azaldu dutenez, aldaketa honen arrazoia udalerriko elkarteei eta getxoztarrei zuzendutako programei edo jarduerei lehentasuna ematea da. “Diru-laguntza hauen beste helburu bat da udalerriko elkarteak eta boluntarioak bultzatzea, alor publiko eta hirugarren sektorearen arteko elkarlana, prestazio eta zerbitzuak aurrera eramateko gizarte ekimena laguntzeagaz batera. Gizarte kohesio handiagoa ere sustatu gura dugu”, nabarmendu du Elena Coria Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.

Aipatu laguntzak sei esparrutan banatuko dituzte: 45.000 euro udalerriko erakundeen ohiko jardueraren funtzionamendurako edota mantenurako; 15.000 euro Getxorako interesezko proiektu zehatzetarako; 30.000 euro proiektu esperimentaletarako edo berritzaileetarako; 59.650 euro parte-hartzea sustatzeko; 62.000 euro esku-hartze sozialean laguntzeko; eta 8.000 euro etorkinen harrera sustatzeko.

Laguntzak Eusko Jaurlaritzan edota Getxoko Udalean erregistratuta dauden irabazi asmorik gabeko elkarteek eskatu ahal izango dituzte. Tokiko erakundeak, gehienez, proiektuaren %75 diruz lagunduko du, eta proiektuari dagokion exekuzioa eta justifikazioa %100ekoa izan beharko da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun