Getxoko EH Bildu kezkatuta agertu da joan den abenduaren 16an Algortako alokairuzko etxe batetik kaleratua izan zen familiaren egoeragatik. Gaur arte, Getxoko ostatu batean egon dira familiako lau kideak, baina gaur ostatua uzteko epea heldu zaie, Udaletik jakinarazi dietenez. Hori horrela, gaur goizean koalizio abertzaleak Getxoko alkateari eskatu dio bozeramaileen batzordea deitzeko eta kasu horretan hartzen ari diren neurriez informatzeko.
Bada, Getxoko Udalak egoeraren berri eman du: Gizarte Zerbitzuen bitartez, etxebizitza batean sartzeko 2.100 euroko eta oinarrizko beharretarako beste 900 euroko diru-laguntza eskaini diote 22 eta 19 urteko alaba bik eta senar-emazteak osatzen duten familiari. Hala ere, familiak diru-laguntza hori errefusatu eta babes ofizialeko etxebizitza bat eskatzen jarraitzen du.