Abenduan kaleratutako familiaren egoerari erantzuteko eta "irtenbide bideragarri bat" emateko exijitu zioten atzo goizean PAH Sendia taldeko kideek Getxoko alkateari eta Gobernu taldeari. Azaldu zutenez, Getxoko Udalak 3.000 euro eskaini dizkio lau kidez osatutako familiari etxebizitza batean sartzeko; hala ere, euren ustetan, "hori ez da nahikoa" eta alokairu sozialeko etxebizitza bat aldarrikatu dute senideentzako: "erakunde eskudunei eskatu gura diegu premiazko bidetik larrialdiko ostatua ematea familia honi". Hala, irtenbide bat lortu arte udaletxearen aurrean kontzentratzen jarraituko dutela jakinarazi dute PAH Sendiako kideek. Hurrengo elkarretaratzea gaur bertan egingo dute, 11:00etan.
EAJren Gobernu taldeak udalerriko ostatu batean lo egiteko eta alokairu bat bilatzeko larrialdiko laguntza eskaini zion Oscarren familiari abenduan, desjabetzea burutu ostean. Ostatuan lo egiteko eskaintza urtarrilaren 30era arte iraun zuen, eta orain familiak beste tokiren bat bilatu behar du. Hala ere, familiako lau kideek, 22 eta 19 urteko alaba bik eta senar-emazteak, babes publikoko etxebizitza batean zuzenean sartzea eskatu dute. Horren aurrean, Udal arduradunek azaldu dute horiek ez daudela babes publikoko etxebizitza baterako ezohiko sarrera eskatzeko egoeran, etxebizitzak mota horiek "giza bazterketa larriagoan" dauden pertsonentzat bideratuta baitaude. Rosa de la Fuente PAH Sendiako bozeramaileak, bere aldetik, azaldu du Oscarren familia bi aldiz kaleratu dutela (azkena abenduan), lau senideak langabezian daudela, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (hileko 875 euro) jasotzeko urtebete itxaron eta abendura arte ez zutela jaso, Udalak ordaindutako ostatu batean lo egiten dutela eta udalerriko jantoki sozial batean jaten dutela. Horren aurrean, De la Fuentek salatu du egoera horretan bizitzea "giza bazterketa larrian bizitzea ez bada, hurrengo pausoa zubiaren azpian lo egitea" izango dela.
PAH Sendiako bozeramaileak salatu du Getxoko Udalak "txeketegitik tiratzen" duela egoera horietatik "ihes egiteko", "getxoztarrek etxebizitzaren arloan dituzten arazoei aurre egin barik". Hala, familiaren eskakizunei erantzuten ez badiete, hurrengo Osoko Bilkuran alkatearen dimisioa eskatuko dutela ohartarazi dute, "ez dugu maiatzera arte itxarongo Udal honetan zer gertatzen den ikusteko".