Fadura inguruko Gobelaren ibilgua moldatzeko lanak urte bukaeran abiatuko dituzte

Iker Rincon Moreno 2015ko ots. 19a, 17:07

Fadurako zubia moldatzeko lanak 2015eko lehenengo hiruhilekoan hasi behar ziren.

Atzo, eguaztena, Fadurako zubiaren inguruko Gobelaren ibilgua moldatzeko lanak onartu zituen Uraldietako Informazio Batzorde Bereziak; 12 hilabeteko iraupena izango dute, eta 4.477.398 euro (BEZ barne) bideratuko dituzte horietara. Proiektua datorren martitzenean, hilak 24, Udalbatzan aurkeztuko dute, behin betiko onar dezaten. Lanok urte akabuan abiatuko dituzte, Uribe Kosta (Fadura kiroldegiaren ondoan) eta Salsidu zubien arteko tartean. Hala, ibilguaren ingurua hondeatuko eta hustuko dute, alboan plataforma paraleloa sortzeko. Horren helburua ibaiaren edukiera handitzea da, urek kontrolpeko gune horretan egin dezaten gainezka. Horretarako, Fadurako zubia bota beharko dute, Iñigo Ansola URAren zuzendariak azaldu duenez.

Getxoko popularrek zubia zaharberritzeko lanen atzerapena salatu zuten joan den astean. Azkenaldiko euri-jasa handiek ezinegona sortu zuten Gobela ibaiaren ondoko bizilagunen artean. Ostera, horren ibilguan prestatutako urak gainezka egiteko eremuei esker, ura ez zen etxebizitzetara heldu.

Eduardo Andrade popularraren esanetan, “Fadurako zubiak gure ibaiaren puntu beltza izaten jarraitzen du”, horren altuera eskasak uraren bidea ixten duelako.

Getxoko Udalbatzak, 2012ko martxoan, eta Eusko Jaurlaritzak, 2012ko maiatzean, Fadurako zubia moldatzeko lanak berehala hasteko eskakizunak egin zizkioten URAri. Hala ere, urte bi joan ziren URA horren inguruan mintzatu arte: lanak 2015eko lehenengo hiruhilekoan hasiko zirela esan zuen; urte bukaeran hasiko dituztela jakinarazi berri dutei.

Popularrek salaketa egin eta egun gutxira, Getxoko Udalak Uraldietako Informazio Batzorde Bereziaren batzarrerako deia egin zuen, atzorako. Saio horretan, “Fadura inguruko hobekuntza hidraulikorako jarduketen proiektua” aztertu zuten. Bertan, Gobela ibaiaren egokitzapen hidraulikoaren eta ingurumen-lehengoratzearen jarduera aurreratuak jasotzen dira. Batzarrean URAren ordezkariek ere parte hartu zuten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun