Otsailaren 25ean, Areetako Xake plazan egon ziren; hilaren 26an, berriz, Algortako Telletxen plazan egongo dira. Bertan, kanpainaren berri emango dute, eta jabeak konbentzitzen saiatuko dira, 10:00etatik 20:00etara. Hurrengo egunean, hilak 27, barikua, Alokabideko teknikariek etxebizitzak errentan eman nahi dituzten jabeak hartuko dituzte Areetako Getxo Elkartegian. Getxon 2.007 lagunek eskatzen dute errentako etxebizitza bat.
Bizigune programa
Bizigune programa barruan 5.000 etxebizitza pribatu baino gehiago daude. Alokabidek eta Getxoko Udalak iaz sinatu zuten programa honi buruzko hitzarmena. Haren bitartez, jabe batek bere etxebizitza librea Alokabideren esku uzten du alokatu dezan (gizarte alokairua), ezarritako berme batzuen truke.
Jabeak bere etxebizitza hutsa Alokabideren esku jarriko du, hilero merkatu-errenta bat jasotzearen truke. Alokabidek bermatu egingo dio etxebizitzaren jabeari errenta dagokion garaian ordainduko diotela eta etxebizitza behar den moduan itzuliko diotela kontratua amaitutakoan. Era berean, Alokabidek bere gain hartuko ditu maizterrarekin zerikusia duten izapide guztiak.
Bestalde, Alokabidek etxebizitza hori Etxebide-Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan inskribatutako pertsona edo elkarbizitza-unitate baten esku jarriko du; horrek, bere aldetik, Alokabideri bere diru-sarreren araberako alokairua ordainduko dio.
Alokabidek merkatu-jabeari ordaintzen dion errentaren eta maizterrari kobratzen dionaren arteko aldea, Jaurlaritzak ordainduko du.
ASAP programa
ASAP (Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioa) programari dagokionez, bere helburu nagusia da jabetza pribatuko etxebizitzak alokairuan merkaturatzea, maizterrek prezio eskuragarriak izan ditzaten. Alokabidek errenta ordainketa bermatzen die jabeei eta horretaz gain, babes juridikoa eskaini eta etxebizitzek izan ditzaketen kalteen konponketez arduratzen da ere, aseguru polizen bitartez.
Etxebizitza jabeei eskaintzen zaizkien bermeen ordainetan Eusko Jaurlaritzak gehienezko alokairu errenta zein izan daitekeen zehazten du, merkatu librekoak baino prezio baxuagoak eta lehiakorragoak eskainiz. Horri esker, eskatzaileek alokairuko etxebizitza aukera zabalagoa izatea bermatzen da.