Aratusteak Uribe Kostan

Getxoko Udaltzaingoak 421 litro alkohol atzeman eta 8 adingabe artatu ditu aratusteetan

Iker Rincon Moreno 2015ko ots. 23a, 16:30

Joan den asteburuan Algortan ospatutako aratusteetan Getxoko Udaltzaingoak 421 litro alkohol atzeman eta 8 adingabe artatu zituen alkohol-intoxikazioen eraginez. Prebentziozko dispositibo handia ezarri zuten zapatuko 18:45etik domekako 06:45 arte, Bidezabal, Arrigunaga, Telletxe eta Portu Zaharraren inguruetan. Aldez aurretik Arrigunagan “topaketa” egiteko deia zabaldu zen sare sozialetatik.

Denbora tarte horretan, poliziek alkohol-intoxikazioagatik 8 adingabe artatu zituzten. Horietatik bi Gurutzeta ospitalera eraman behar izan zituzten, udaltzainek ezin izan zutelako gurasoakaz harremanetan jarri. Halaber, Bidezabalen sustantzia estupefazienteak kontsumitzen ari ziren eta laban bat zeukaten bi adingabe gelditu zituzten, polizia iturriek jakinarazi dutenez. Gurasoei deitu ondoren, desobedientziagatik delitu bana egotzi eta marihuana eta arma zuria edukitzeagatik salaketa administratibo bana jarri zieten.

Gauerdiko 00:30ak aldera, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Tamarindoko eta inguruetako arkupeetatik mila nerabe baino gehiago joanarazi zituzten. Horrez gainera, Udaltzaingoak bi pertsona atxilotu zituen eraso bana egiteagatik, Bidezabalen eta Mariandresenan, hurrenez hurren. Halaber, hiru pertsona salatu zituzten kalean txiza egiteagatik, eta beste bat erietxe batera eraman zuten alkoholaren eraginez konorterik gabe aurkitu ondoren.

Algortako bi taberna salatu zituzten ixteko ordutegia ez betetzeagatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun