Joan den urtean Ernaikoek martxan jarritako prozesuaren hurrengo pausoa da okupazio-mugimenduko neska-mutilakaz batera hasitako kanpaina. Izan ere, 2013 eta 2014 bitartean ezker abertzaleko gazte-erakundeko kideek Algortako gazteen kezkak ezagutzeko bira hasi zuten. Horretarako, txokoz txoko joan ziren adin ezberdinetako neska-mutilen artean eztabaidak sortzeko eta horien iritziak jasotzeko. Hala, hainbat kuadrillatatik igaro ostean, urriaren akabuan, OihUKa jaialdiaren baitan, gazte-topaketak egin zituzten Txiki Otaegi plazan, Algortako auzotar gazteen artean eztabaidak sortzeko, horien kezkak amankomunean jartzeko, eta, horiekaz batera, bide berri bati ekiteko. Topaketetan, gaur egungo egoera sozioekonomiarekiko eta etxebizitzarekiko kezka nagusitu zen, besteak beste.
Bitartean, Txorimalo gaztetxeko lagunek etxebizitzaren arazoaren inguruan eztabaidatu eta datuak lortu ostean, ohartu ziren Getxon etxebizitza eskubidea “luxu bat” dela; hori dela eta, “luxua dena eskubide bilakatzeko” kanpaina jarri zuten martxan, euren kabuz hasieran, eta Ernaikoakaz batera azkenean. Txorimalokoen arabera, EAEn 74.650 etxebizitza huts inguru daude, eta kale gorrian bizi diren pertsonen kopurua 1.700ekoa da. “Ikus daitekeenez, kalean bizi den pertsona bakoitzeko 43 etxe huts dago”, azaltzen dute.