Bi gizon atxilotu dituzte Getxon emakume bat indarrez atxiki dutelakoan

Iker Rincon Moreno 2015ko mar. 2a, 15:43

Ertzaintzak 30 urteko gizonezko bat atxilotu zuen herenegun, zapatuan, bikotekidea gogoz kontra atxikitzea egotzita. Gizon horrek, emakumea indarrez harrapatu ostean, Getxoko etxebizitza batera eraman eta gogoz kontra eduki zuen han, polizia iturrien arabera. Beste gazte bat, 26 urtekoa, ere atxilotu dute aipatutako jazoeretan ustez parte hartzeagatik.

Zapatuan 22:00ak baino lehentxeago gizonezko batek Bilboko Perez Galdos kaletik zebilen emakume bat ibilgailu batean indarrez sartu zuela ohartarazten zuen dei bat jaso zuen Ertzaintzak.

Horren berri izan ostean, poliziek ibilgailuaren jabea identifikatu eta Getxon bizi zela egiaztatu zuten. Hala, udalerri horretara joandako patruila batek autoa etxebizitza baten ondoan aparkatuta zegoela ikusi eta etxearen barruan pertsonaren bat zegoela ikusi zuten. Hala, ertzainek atea irekitzeko hainbat aldiz eskatu zieten gertaerak argitzeko, baina polizien eskaerei erantzuten ez zutenez, Ertzaintzaren Esku-hartzeko Taldea bertaratu behar izan zen etxe barrura sartzeko, polizia iturriek azaldu dutenez.

Etxearen barruan biktima eta gizonezko bi topatu zituzten. Emakumeak azaldu zuenez, bikotekideak gogoz kontra eraman zuen hara, eta indarrez atxikita zuten.

Ertzaintzak bi gizonezkoak atxilotu zituen eta emakumea Gurutzetako ospitalera eraman zuten bertan artatu zezaten.

Oraindik ere, Ertzaintzak ez du gertaera horri buruzko ikerketa itxi.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun