Domekan goizaldeko 5:00ak aldera, Areetan zegoen Ertzaintza patruila bat Mesedeetako kalera hurbildu zen, inguruan eraso bat izan zela jakinarazi ondoren. Ertzainek gizon bat ikusi zuten lurrean etzanda eta, haren ondoan, emakume bat, gizonaren bikotekidea. Biek kolpeak zituzten.
Ertzainei azaldutakoaren arabera, hainbat pertsona hurbildu eta gizona iraintzen eta erasotzen hasi ziren. Emakumeari, gainera, genitalak ukitu zizkioten eta poltsa lapurtzen saiatu ziren. Patruila hurbiltzen ikusi zutenean ihes egin zuten.
Emakumeak baieztatu zuen inguruan zebilen gizon batek gertakarietan parte hartu zuela, eta ertzainek susmagarria atzeman eta egin beharreko egiaztapenak egin ostean, atxilo eraman zuten. Handik ordu batzuetara konplizeetako bat identifikatu zuten, eta hari ere gertakariak leporatu zizkioten. Ertzaintzak irekita dauka oraindik ikerketa.
Biktimak ospitalera eraman zituzten.