Garbitzaileen greba Getxon

Martxoaren 9an greba mugagabea abiatuko dute Getxoko garbitzaileek

Iker Rincon Moreno 2015ko mar. 5a, 11:04

Garbiketa eta zabor bilketarako zerbitzuaren enpresa esleipendunak, Cespa eta Asaserrek osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteak (ABEE), sindikatuakaz negoziatzen jarraitzen du. Lan-hitzarmena negoziatu eta akordio batera heldu ezean, langileek greba mugagabea abiatuko dute martxoaren 9an. Otsailaren 24an eta martxoaren 3an, garbitzaileek mobilizazioak egin zituzten.

Dirudienez, joan den azaroan Udalagaz hitzartutako kontratu berriagaz Cespa-Asaserrek diru-sarrera txikiagoak ditu, aurreko kontzesioa baino %40 gutxiago. Hau da, diru gutxiago zerbitzu gehiago eskaintzeagatik. Horren aurrean, patronalak kaleratzeak abiatu zituen, gaueko garbitze-zerbitzua bertan behera utzi zuen, eta, beraz, langileei gaueko lanaren plusa kendu. Sindikatuek salatu dute orain ez direla kale garbiketaren eta zabor bilketaren oinarriak betetzen.

Getxoko UPDk, gainera, nahaste-borraste horren arduradunak kargutik kentzeko eta zabor bilketaren gaineko kontrol handiago bat ezartzeko eskatu dute. Izan ere, azaldu dutenez, zerbitzuaren hitzarmen berria sinatu zenetik horren inguruko salaketak gora egin dute etengabe, "zerbitzua ez delako behar bezala betetzen".

ELA sindikatuak Getxoko garbitzaileen greba orokorraren harira kaleratutako prentsa oharra:

Martxoaren 9an abiatuko dute greba mugagabea, zerbitzua kudeatzeko ardura duen Cespa enpresak kaleratzeak, enplegu suntsiketa eta beharginen lan baldintzak okertzea proposatu dielako, Getxoko Udalaren onespenarekin.

Getxoko Cespa enpresako kale garbitzaile eta hondakin biltzaileen Lan Batzordeak ez ditu onartzen enpresak eta Udalak proposatu dizkieten murrizketak. Orotara 12 kaleratze, erretiratzear dauden 6 beharginen lan postuak ez betetzea eta lanaldi murriztua edo partziala duten 52 beharginen lan baldintzak okertzea suposatzen du. Lan postu suntsiketa, lan kargak handitzea eta zerbitzuaren kalitatea okertzea dakar planteamendu horrek. Baita herriko zirkulazioan oztopoak eratzea ere, orain arte gauez egiten zen zabor bilketa goizez egitea nahi baitute.

Cespak egindako proposamena Getxoko Udalak hartutako erabakiaren ondorioa da. Kontua da Udalak kale garbiketa eta hondakin bilketa zerbitzura bideratutako aurrekontu partida nabarmen murriztu duela. Guztira %40ko murrizketa egin du, ia 2 miloi euroko partida izatetik 1,2 miloi eurora murriztuz.

Beharginek lan postu guztiak mantentzea, orain arteko lan baldintzak errespetatzea eta mahai gainean jarritako murrizketa guztiak ez gauzatzea exijitzen du. Horrez gain, enpresa mailako hitzarmenaren negoziazioari berriz heltzea eskatzen dute, 2012ko abendua ezkero ez baita negoziaziorik egon.  

Azken asteetan hainbat mobilizazio antolatu dituzte euren egoeraren berri emateko, baina Cespak eta Udalak murrizketekin aurrera segitu nahi dutela ikusita greba deialdia egitea erabaki dute. Martxoaren 9an abiatuko duten greba mugagabea izango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun