Joan den otsailaren 18an Getxoko Udalak antolatutako Uraldietako Informazio Batzorde Berezian parte hartu zuen URAk. Horretan, Fadurako tartean hobetze hidraulikoa lortzeko ekintzen proiektua behin-behinean onartu zuten; ekintza horiek Gobela ibaiaren egokitzapen hidraulikoa eta ingurumen-lehengoratzea lortzeko proiektuaren baitan aurreikusita zeuden.
Getxoko udalbatzak, 2012ko martxoan, eta Eusko Jaurlaritzak, 2012ko maiatzean, Fadurako zubia moldatzeko lanak berehala hasteko eskatu zioten URAri. Hala ere, urte bi joan ziren URA horren inguruan mintzatu arte: lanak 2015eko lehenengo hiruhilekoan hasiko zirela esan zuen; hala ere, urte bukaerara arte atzeratu dituzte eginkizunak.
Lanak Gobela ibaian
URAk azaldu duenez, Errekaganeko tartean (Cristobal Valdeseko hustubidetik La Avanzadako zubiraino) Gobela ibaiaren egokitzapenerako 1. fasean egindako lanek erakutsi dute eraginkorrak izan direla. URAk jakinarazi du tarte horretako 2. faseko lanak hastear direla, La Avanzadako zubitik Leioa etorbidera arteko eremuan. Horrez gainera, lanon kronograma aurkeztu du.
Getxon Gobela ibaiaren hobekuntza hidraulikoa lortzeko egindako inbertsio osoa 25 milioi eurotik gorakoa dela azaldu du URAk. Uholdeei aurre egiteko proiektu horretan, 3 kilometrotik gorako eremuan lan egin dute, hots, Gobela ibaiak udalerrian zehar duen ibilguaren %65ean.
Lan horien guztien iraupena 6 urtez luzatuko dira, eta 6 zubi eta oinezkoentzako pasabide bi ordezkatuko dituzte guztira. Halaber, euri jasa handietan, ibaiak kontrolpean gainezka egiteko 53.000 metro koadroko uholde lautada sortuko dute.