“Jambo Amani?” lanak Rotterdameko Zine Jaialdiaren R Ejects Radicals Jardunaldien publikoaren saria jaso du. Horietan, mundu osoko errealizadore independenteen pelikulak hartzen ditu. Aurtengo edizioan, 202 pelikula eta 233 film labur eta iraupen erdikoak aurkeztu dituzte.
Horixe izan da dokumentalak jaso duen hirugarren saria, Bartzelonako XI Giza Eskubideen Jaialdiaren film labur hoberenaren saria eta Houstoneko 47. Nazioarteko Zine Jaialdiaren zilarrezko “remia” jaso ondoren.
Unai Aranzadi zuzendaria eta kazetaria da, gatazkatan eta giza eskubideetan aditua. Hainbat hedabidetan lan egin ondoren, gaur egun Independent Docs produkzio-etxea zuzentzen du Suedian, eta une honetan dokumental batean lan egiten ari da, hedabideek Hondurasen duten rolari buruz. “Lau urte daramatzat herrialde horretara joaten, 2009ko Estatu kolpetik 2013ko lehenengo hauteskunde libreetara arteko jokabidea aztertzen. Tarte horretan ikusten da ondo zein den hedabideen eta demokraziaren arteko harremana, askotan oso konplexua dena eta sarritan negatiboa. Dinamika horiek Hondurasetik kanpo ia toki guztietara ere heda daitezke”, azaldu du zuzendariak.