Jone Arangurenek azaldu duenez, aspaldidanik egiten den lehenengo txapelketan protagonista izatea "niretzat ardura handia da. Oso urduri nago, dena arrapaladan etorri delako: zabalpen handia izan du, egunkarietan atera gara eta abar". Irabazi ala galdu, bere esperientziaren berri emango die HIRUKAn Uribe Kostako zaleei.
Jokalariek, Txokoan elkarteak eta Federazioko arduradunek asmo berbera plazaratu dute iluntzeko finalari begira: "Ea balio duen neska gazteek, aurrerantzean, nerabezaroan esku pilota jokatzen jarraitzeko aukera izan dezaten", Ane Baraiazarraren esanetan. Izan ere, neskek 13 urtegaz utzi izaten ohi diote esku-pilotan jokatzeari, mutilen nagusitasun fisikoa nabaritzen hasten denean. Halere, moldaketa txiki batzuk eginda, goxua pilota mota bigunagoa eta txikiagoa eta homologatutako eskularruak edo takoak erabilita emakumeen arteko lehia ikusgarria izan daitekeela frogatu dute. Bitartean, Txokoan daborduko 21 emakumezko pilotari batu dira entrenatzeko. Larrabetzuko eskola izan da Kopara jokalari gehien ekarri duena. Guztira 14 bikote parte hartu dute, hamaika Txokoanekoak, Zornotzako bi eta Munitibarreko bakarra.