Garbitzaileen greba Getxon

Getxoko Udalak zaborren gatazka "ezkutatu" gura duela salatu dute garbitzaileek

Udalak txandakako bilketa ezarri du.

Gaur, astelehenean, hilak 9, Getxoko kale-garbitzaileek eta hondakin-biltzaileek greba mugagabea abiatu dute. Protesta horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu. Halaber, Getxoko Udalak hainbat “gomendio” eman ditu: zaborrak poltsa itxietan ateratzea, likidoak eta lurrera isuri ditzaketen hondakinak sartu gabe; hondakinak beti edukiontzi barruan uztea, ahalik eta leku txikiena erabiliz; eta zaborra inoiz ez uztea edukiontzitik kanpo. Horrez gainera, Udalak txandakako zabor bilketa ezarri du, egunaren arabera hondakin mota bat edo beste biltzeko. Horren aurrean, ELAko arduradunek salatu dutenez, “Udalak txandakako eta eremuko zabor bilketa ezarri du, zaborra etxean uzteko eta gatazka ezkutatzeko”. Beharginen arabera, zerbitzua lehengora bueltatu beharko litzateke, eta horretarako, gatazka kalera ateratzeko beharra ikusten dute, “ikusgarria izanez gero, azkar emango diote irtenbidea; bestela, gehiegi luzatu daiteke”.

Dirudienez, joan den azaroan Udalagaz hitzartutako kontratu berriagaz Cespa-Asaserrek diru-sarrera txikiagoak ditu, aurreko kontzesioa baino %40 gutxiago. Hau da, diru gutxiago zerbitzu gehiago eskaintzeagatik. Horren aurrean, patronalak kaleratzeak abiatu zituen, gaueko garbitze-zerbitzua bertan behera utzi zuen, eta, beraz, langileei gaueko lanaren plusa kendu. Sindikatuek salatu dute orain ez direla kale garbiketaren eta zabor bilketaren oinarriak betetzen.

Bilketa egingo den egunak, gutxieneko zerbitzuen arabera, honako hauek dira:

"Hondakin organikoak" (sic):

Astelehen, martitzen, bariku eta domeketan: Areeta, Itzubaltzeta / Romo, Neguri eta Algorta trenbidetik hondartzarantz.

Martitzen, eguen eta zapatutan: Neguri eta Algorta trenbidetik ibairantz, Andra Mari eta estratak.

Ontziak:

Astelehen eta barikutan.

Papera eta kartoiak:

Astelehen eta barikutan.

Tamaina handiko hondakinak:

Eguaztenetan (aldez aurretik 944 644 380 telefonora deitu).

Saltokiak:

Martitzen, eguen eta zapatutan.