Atzo, eguenagaz, Getxoko Udalak Aixe Getxo! sariak banatu zituen Algortako Fadura kiroldegiko areto nagusian, kultura-munduan egindako lana, konpromisoa eta zabalkunde ahalegina azpimarratzeko. Sariketa udalerriko kulturaren urteko topagune bihurtu dela azaldu dute antolatzaileek.
Koldo Serra (Getxo, 1975) zinemaren, bideo musikalen eta publizitate-iragarkien zuzendariak «Ikus-entzunezko arteak» saria jaso du. Tesa Gonzalez ume eta gazteentzako liburuen ilustratzaileari, berriz, «Arte plastikoak» saria eman diote. Bere ibilbideagatik, «Arte Eszenikoak» ataleko saridun izendatu dute zendutako Koldo Losada aktorea (Getxo, 1960 – Bilbo, 2014). Musika atalean, Adele21 lanagatik Grammy saria irabazi zuen Beatriz Artola soinu-ingeniariari eta Sara Iñiguez «Rubia» izeneko Sunshine pop taldearen buruari eman diote saria, ex aequo.
Laura Mintegi (Lizarra, 1955) idazle eta EHUko irakasleak, bere aldetik, Literatura saria jaso du. ITEMdesignworks nazioarteko aholkularitza-enpresak diseinua atalaren aitortza jaso du; eta Cesar Aitor Azkarate (Bilbao, 1966) arkitekto-doktoreak, «Arkitektura eta eremu publikoa» sailaren saria. Juan Zabala Fadurako baserritarrak gastronomiaren saria jaso du, urte askoan fruta eta barazki «ezin hobeak» ekoizteagatik. Getxoko Etorkinak taldeak ere bere saria jaso du: «Kultura hezkuntzan eta balioetan», bizikidetzaren balioen sustapenean erakutsitako jardunagatik. Jose Maria Mato (Madril, 1949) kimikariak 10 urte baino gehiago daroatza Getxon, eta «Zientzia eta berrikuntza kultura» saileko saria jaso du; gaur egun, Mato Bio zientzietako Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroa-CIC-bioGUNEren zuzendari nagusia da. «Kultura ondarea, hautemangarri eta hautemangaitza»-ren saria Areetako Santa Ana baselizak jaso du, bere 150. urteurrenean. Jose Luis Butron eskultoreak, Karmelo Errekatxo kazetariak eta Nadal liburudendak ere saria jaso dute urtetako ibilbide profesional eta artistikoagatik.
Azkenik, Eneko Lopetegi CIMA Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Aplikatutako Ikerketa Zentroaren ikertzaileak «Aixegaztea» saria jaso du. Lopetegik, gainera, «Jose Maria Ferrero Corral» saria irabazi zuen, «Mugimendu librean dauden karraskarien aktibitate neuronalaren erregistro kronikoa egiteko inplante baten diseinua eta inplementazioa» lanagatik; Alzheimerraren inguruan egiten dabilen doktoretzaren baitan egindako lana da.