Jaialdi-egunean, goizeko 9:00etatik aurrera zer ikusi eta zertaz gozatu izango da Faduran: 4 eta 6 lagun arteko taldekako erlojupekoan, zikloturistek belodromoari 15 bira eman beharko dizkiote; goizeko 11:00etatik 13:00etara ume zein gazteek ginkanan trebatzeko aukera izango dute; elkartasun-txosnan mokaduak eta edariak izango dira; eta bazkaltzeko, paella erraldoia prestatuko dute. Gainera, zenbait kirolari ospetsu ere bertan izango da. Punta Galeak gogoratu duenez, kirol-proban parte hartzeko "ez zara txirrindulari trebea izan behar; nahikoa da bizikleta, kaskoa eta Beñat eta bere sendia laguntzeko sekulako bihotza izatea". Beñat Mardaras zortzi urteko ume algortarra da, bihotzeko gaitz arraroa duena. Hemen ebakuntza egitea arriskutsua zela ikusita, gurasoek Bostonera eramatea erabaki zuten. Birritan operatzeko 280.000 bat euro behar dituzte. Lehen ebakuntza urriaren 22an egin zioten.