Gironatarrek 18 puntu dituzte eta hirugarrenak dira taulan, orain arteko bost partidetatik lau irabazi ostean. Estropezu bakarra Olimpico de Pozueloren aurka izan zuten. Hain zuzen ere, laugarrenak dira olinpikoak. Getxoztarrek, berriz, 23 puntu dituzte eta dema guztiak irabazi dituzte, "denboraldi oso ona" egiten ari direla, Ana Masa kapitainak onartzen duenez. Halere, bigarrenak dira sailkapenean, CRAT Coruñak partida bat gehiago jokatu izateagatik puntu bat gehiago duelako. Halere, Andoni Saituaren neskek 20-5 erabateko emaitzaz irabazi zituzten galiziarrak Faduran.
Espainiako Selekzioa Atlantan Seven kategoriako World Series delakoak jokatzen dabilenez, hori-beltzek Barbara Pla barik jokatu beharko dute eta katalanak Eli Martinez y Africa Felez barik zelairatuko dira.
Getxo Arteak daborduko lekua ziurtatuta dauka play-off-etan eta, hortaz, bere helburua lidergoa eustea da, Erreginaren Koparen finalaurrekoak etxean jokatu ahal izateko. Horretan laguntzeko, igandean Fadurara hurbil daitezen eskatu diete zaleei. Dena den, bertaratzerik ez duenak ez du arazorik partida jarraitzeko, Twitter-ez zuzeneko kontakizuna emango baitute, taldearen kontu ofizialean: @getxorugby.