Getxoko garbitzaileek hainbat bideo argitaratu dituzte euren webgunean Barakaldoko hainbat langile lanean ikus daitezkeenak. Gainera, zerbitzu minimoak bete beharrean, hau da, egunetan zehaztutako gaiak bildu beharrean, zabor guztia biltzen dutela ohartarazi dute. Halaber, “Ekain Loizagak kontratatutako eskirolak gure norbera babesteko ekipamendu mimetikoak” erabiltzen dituztela salatu dute grebalariek. Loizaga Ferrovial enpresako ordezkarietako bat da eta Cespa enpresa filialak Asasarregaz aurkeztutako eskaintza defendatu zuen Getxoko Udalaren Kontratazio Mahaiaren aurrean. Aurretik, Getxoko Udalaren aholkularia izan zen, EAJk izendatuta.
Langileek zabaldu dutenez, “kanpoko eskirolak erabiltzea zuzenean legez kanpokoa da honako baldintzetan: ‘Greba irauten duen bitartean, enpresariak ezin ditu grebalariak enpresarekin loturarik ez duten bestelako langileengatik aldatu’". Hori esateko Lan erlazioen inguruko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 6.5 artikuluan oinarritu dira.