Garbitzaileen greba Getxon

Enpresak kanpoko "eskirolak" kontratatu dituela salatu dute garbitzaileek

Iker Rincon Moreno 2015ko mar. 18a, 16:42
Getxoko garbitzaileak 10 egun daramatzate greba orokorrean.

Getxoko kale-garbitzaileek eta hondakin-biltzaileek euren webgunean salatu dutenez, Cespa eta Asaserrek osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteak (ABEE) kanpoko langileak kontratatu ditu zerbitzu minimoak betetzeko. Martxoaren 9tik greban dauden langileek adierazi dutenez, berezko langileak beste toki batetik kontratatzeak “arau-hauste administratibo oso larria” da. Halaber, euren grebarako eskubidea “boikoteatzen” ari direla salatu dute.

Getxoko garbitzaileek hainbat bideo argitaratu dituzte euren webgunean Barakaldoko hainbat langile lanean ikus daitezkeenak. Gainera, zerbitzu minimoak bete beharrean, hau da, egunetan zehaztutako gaiak bildu beharrean, zabor guztia biltzen dutela ohartarazi dute. Halaber, “Ekain Loizagak kontratatutako eskirolak gure norbera babesteko ekipamendu mimetikoak” erabiltzen dituztela salatu dute grebalariek. Loizaga Ferrovial enpresako ordezkarietako bat da eta Cespa enpresa filialak Asasarregaz aurkeztutako eskaintza defendatu zuen Getxoko Udalaren Kontratazio Mahaiaren aurrean. Aurretik, Getxoko Udalaren aholkularia izan zen, EAJk izendatuta.

Langileek zabaldu dutenez, “kanpoko eskirolak erabiltzea zuzenean legez kanpokoa da honako baldintzetan: ‘Greba irauten duen bitartean, enpresariak ezin ditu grebalariak enpresarekin loturarik ez duten bestelako langileengatik aldatu’". Hori esateko Lan erlazioen inguruko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 6.5 artikuluan oinarritu dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun