Getxoko proiektu handiak beste fase batean murgildu dira

Iker Rincon Moreno 2015ko mar. 23a, 10:39

Getxo Antzokia 2017an inauguratuko dutela aurreikusi du Udalak.

Udalak Getxo Antzokia-Musika Eskola eraikitzeko proiektuaren hurrengo fasea onartu du. Azken-aurreko jarduera horretan, 4C2 fasea izenekoan, sestra azpiko aretoen akaberak egingo dituzte. Lizitazio horretarako aurrekontua 4,63 milioi eurokoa izango da, eta lanak amaitzeko 47 asteko epea izango dute, aurreikusi dutenez.

Fase horretan egin beharreko akaberak maila tekniko handikoak direla azaldu dute arduradunek, hainbat espezialitate barne hartzen dituzte; batez ere, soinu-girotzearenak. Lan horiek erabilera anitzeko aretoan eta Musika Eskolan egingo dituzte, besteak beste.

Getxoko PPk, proiektu horren aurrekontuaren diru-eralgiketa salatu du. Azaldu dutenez, “estruktura egiteak soilik 40 milioi euroko kostua izan du”, eta horri “eraikinaren mantenua, iluminazioa, elektrizitatea, langileria eta obra egiteko kredituen ordainketa gehitu beharko zaizkio”. Halaber, popularren kalkuluen arabera, antzokirako aurrekontuak 10 milioi euro egiten du gora urtero, “ez badugu kontrolik ezartzen, etorkizuneko antzoki hori getxoztarrontzako putzu beltza izango da, dirua galtzekoa”.

Aurrekontua handituz doa

Hasiera batean, Getxo Antzokia eraikitzeko aurrekontua 23 milioi eurokoa zen. Hala ere, gaur egunera arte 33 milioi euro inguru inbertitu direla salatu dute popularrek.

Faseka aztertuz gero, 4A fasera arte egindako obrek 19,64 milioi euroko gastua ekarri dute. Horri 4B fasea gehitu behar zaio, 5,5 milioi euro; 4C1 fasea, 1,1 milioi euro; eta orain onartu berri dute 4C2 fasea, 4,63 milioi euro. Hala ere, gastuak ez dira bukatu horretan, Getxo Antzokia eraikitzeko lanak 2017ra arte luzatzea aurreikusten delako, horrek dakarren guztiagaz.

Gobernu Taldeak urtarrileko Osoko Bilkuran jakinarazi zuen Getxo Antzokiaren inaugurazioa bi urtez atzeratuko zutela. Hasiera batean, kulturguneak ateak aurten zabalduko zituela aurreikusten zuten; hala ere, obren abiadura ikusita 2017ra arte atzeratzeko beharra ikusi zuten. Halaber, eraikinari finantzazio handiagoa eskaintzea erabaki zuten: 1.020.000 euro. Horren aurrean, Getxoko EH Bilduk Gobernu Taldearen jarrera salatu zuen, “beste departamentuetako diru-poltsetatik zein aurreko urteko soberakinetatik ateratako dirua” zela esanez.

Romo Kultur Etxea azken txanpan

Getxoko Gobernu Taldeak Romo Kultur Etxea eraikitzeko proiektuaren 2B fasea ere onartu du, Itzubaltzeta / Romo auzoko ekipamendu berria eraikitzeko prozesuen azkena. Akordioaren arabera, fase horren lizitazioa onartu dute, 2,43 milioi euroko aurrekontuagaz. Hori aurrera eramateko lanak 49 astez luzatzea aurreikusi dute. Fase horretan eraikinaren barrualdea egokitzeko lanak egingo dituzte.

Musika eskola martxan aurten

Aurreikuspenen arabera, 2015-2016 ikasturterako Algortako Musika Eskola jarriko dute martxan. Dagoeneko barrualdeko akaberak egiteko lanak martxan dira, eta uda aldera amaituko dituztela uste dute udal agintariek. Udalak jakinarazi duenez, “500 bat ikaslek” ikasiko dute. Martxoaren 27ra arte dago zabalik hurrengo ikasturterako plaza gordetzeko epea, gaur egun ikasleak diren eta matrikula berritu nahi dutenentzat.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun