Kontzertu nagusiez gainera, talde lehiaketako eta Hirugarren Milurtekoa ataleko saioak zein jam session delakoak ere egongo dira. Talde lehiaketari dagokionez, aurten, guztira, 18 herrialdetako 55 taldek parte hartu dute aurreneko fasean, eta, horien artean, aurtengorako ondorengo taldeak hautatu ditu epaimahaiak: EYM Trio (Frantzia), Federico Nathan Quinteto (Herbehereak-Uruguai) eta Maciek Wojcieszuk Quintet eta Grzegorz Wlodarczyk Paris Quartet poloniarrak. Aukeratutako bandek uztailaren 1etik 4ra jardungo dute lehiaketako lehenengo saria eskuratzeko lehian. Irabazleak berriro joko du azken egunean.
Txapeldunek 3.750 euro jasoko dituzte eta diskoa grabatuko dute zuzenean. Bigarren sariari 1.500 euro dagozkio, eta bakarlaririk onenari 750 euro. Sariez gain, irabazleek Lovainako (Flandria) jazzaldian parte hartuko dute, Getxo Jazzek jaialdi horregaz duen akordioari esker.
Juan Carlos Cifuentesi gorazarre
"Cifu" ezizenez ezaguna zen Juan Claudio Cifuentesen heriotza tamaldu dute Getxoko Kultur Etxeko langileek. Prentsa-ohar bidez adierazi dutenez: zendutako laguna jazz-musikaren zabalkundearen erakusle handia izan zen, eta 1990etik aurrera Getxoko Jazzaldiko kolaboratzaile-lanetan jardun zuen. Zehaztu dutenez, 25 urte baino gehiagoz, Cifuentes talde-lehiaketako hautatze-batzordeko eta epaimahaiko kidea izan zen. Getxo Jazzegaz harreman estua zuen eta jaialdiaren “enbaxadore” jarduten zuen Euskal Herritik kanpo ere bai. Ondas saria jaso zuen 2010ean.