Gune hori ezaguna da Tosu landa izenagaz, eta hantxe dago proiektuaren kontrako erresistentzia-kanpaldia, irail ezkeroztik. Bertan kanpatuta dauden gazteen arabera, Ibarbengoako disuasio-aparkalekuaren kontra egoteko «lau arrazoi» daude. Euren arabera, proiektua «ekologiaren kontrakoa» da, «bertoko ortu-proiektu komunitarioa bertan behera geratuko litzatekeelako eta balio handiko lur azpiko akuiferoak suntsituko dituelako». Halaber, euren iritziz, «faraonikoa» da, «dirutza publikoa gastatuko dutelako eta betikoak baino ez direlako aberastuko proiektu horrekin». Era berean, «proiektu ilegala» dela salatu dute, «derrigorrezkoa den Ingurumen Eragin Txostena egin ez dutelako»; eta, gainera, deitoratu dute hori gauzatzeko parte-hartzerik ez dela egon.
304 plazako aparkaleku estalia
BGP, bere aldetik, aparkalekuaren aldeko «304 arrazoi garraio publikora igotzeko» izeneko txostentxoak banatzen hasi da, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko. Horren arabera, aparkalekuak 304 leku estali izango ditu, horietako zazpi mugikortasun urria duten pertsonentzat. Horiek egiteko obrak aurten hasiko dira, eta adierazi dutenez, azpiegitura horrek «gainerako udalerrietako hiriguneenetara heltzeko modu azkarra, segurua eta merkea eskainiko du, garraio publikoaren erabilera sustatuz».
Azaldu dutenez, aparkalekuak «diseinu integratzailea» izango du, «geltokian eta Andra Marin integratuta geratuko da, soslai baxuko diseinuarekin». Hiru solairukoa izango da eta horietako bi lur azpian egongo dira. Hori erabiltzeko, 70 zentimo ordaindu beharko dira, egun osoan autoa bertan utzi ahal izateko. Ibarbengoakoa metro-linearen laugarren aparkalekua izango litzateke, Leioakoaren, Etxebarrikoaren eta BECekoaren ondoren; BGPk emandako datuen arabera, gaur egun daudenakaz, 2014an errepideetatik «300.000 ibilgailu kentzea lortu zen». Aparkalekuak trenbidearen trazatuagaz paraleloan joango den eta Ormazako estartagaz lotura izango duen errepidetik izango du sarbidea.
Ibarbengoako metro-geltokiak ia bost urte daroatza itxita, eta aipatutako aparkalekua eraiki arte ez dute hori zabalduko.