Webguneko Funtsak atalean eskegitako irudiak hamarraldika eta bildumaka daude banatuta. 1910etik hasi eta 80ko hamarraldira arteko epean egin ziren filmak hartu dira aintzat lehenengo fase honetan. Hilero film bat eskegiko du Filmategiak eta haren garrantzi historiko, artistiko edo kulturalaren arabera egingo du aukeraketa.
Gotzon Elortza
Euskarazko lau film labur grabatu zituen 1950eko hamarkadaren amaieran eta 1960koaren hasieran Gotzon Elortzak (Bilbo, 1923-Getxo, 2012). Parisen bizi zen film horiek egin zituen garaian, muga ezkutuan zeharkatzen zuen zinema-zuzendariak lanok egiteko; euskara bezalako hizkuntza gutxituek aurrera egiteko ikus-entzunezkoak lanak behar-beharrezkoak zirela uste baitzuen. Parisko Euskal Etxean erakutsi zituen Euskal Herriko irudiak, gero Baionan eta Hego Euskal Herrian ere egin ziren proiekzioak. Egindako lanarengatik merezitako omenaldia eman zioten getxoztarrek 2010ean; Getxoko Udalak Aixerrota saria eman zion zinemagileari. Eta 2011n, Euskadiko Filmategiak zaharberritu egin zituen bere lanak. 89 urte zituela zendu zen zinemagilearen lanak sarean daude ikusgai orain, "Avignon" izan ezik.