Bisitariek aukera ugari izango dituzte Getxon

Iker Rincon Moreno 2015ko api. 6a, 16:35

Turismo-denboraldia hasia da daborduko Getxon. Joan den martxoaren 27an Bizkaiko Zubiaren ondoan aldi baterako turismorako informazio-bulegoa zabaldu zutenean eman zioten hasiera denboraldiari, urriaren erdialdera arte luzatuko dena. Hala, 32 plan eta jardueraren berri emateko, Udal Turismo Unitateak liburuxka berria argitaratu du, bere baliabide eta zerbitzu nagusien gaineko xehetasunak jasotzen dituena, tokiko hainbat enpresaren partaidetzagaz.

Eskaintza honako ataletan banatuta dago: Getxo Kosta, Getxoko Monumentuak, Getxo Aktiboa eta Getxo Gastronomikoa. Arduradunek azaldu dutenez, “nabarmentzekoa da ‘irteera ziurtatuta’ duten jardueren eskaintza”. Atal horretan, ohiko bisitaldi antzeztuakaz batera, belaontzietan txangoak eta kirol astiko beste ekitaldi batzuk egongo dira.

Pasa den hilabete amaieran Bizkaiko Zubiaren ondoan zabaldutako aldi baterako turismo informazio-bulegoa egunero egongo da irekita, goizez zein arrastiz, urri erdira arte. Zerbitzu horren helburua bisitariari eskaintzen zaion informazioa eta arreta ahalik eta gehien indartzea da.

Ereagako turismo-bulego nagusia Aste Santuko egun guztietan egongo da zabalik. Halaber, aurten opor egun horietatik aurrera, telefono mugikorrak dohainik kargatzeko zerbitzua eskainiko dute bertan. Zerbitzu horregaz, aldi berean 6 pertsonari eman ahal izango zaie aukera euren telefonoa 15 minututan kargatu ahal izateko.  Horretarako, txanpon bat beharko da, leihatila bat izango balitz bezala, telefonoaren bateria “era seguruan” kargatu ahal izateko, jakinarazi dute arduradunek; ondoren, erabiltzaileek txanpona berreskuratuko dute.

Merchandising berria

Turismo Bulegoak udalerria sustatzeko produktu berri bi sortu ditu. Batetik, hiru iman: Portu Zaharraren, Bizkaia Zubiaren eta Aixerrotaren irudiakaz (bakoitzak 1,50 euro balio du) eta, bestetik, euritako tolesgarria (11 euro). Gainera, udalerria ezagutarazteko, lekuko irudiak dituzten hurrengoak ere badaude: eskumuturreko erlojua (18 euro), poltsa hiru txapakaz (2,50 euro), postalak (0,30 euro), kamisetak (8 euro umeentzat eta 10 euro nagusientzat) eta kirol-jertsea (15 euro). Horiez gainera, libreta eta boligrafo bat (2,50 euro), Portu Zaharreko eta Bizkaia Zubiko posterrak (2,50 euro), eta doako pegatinak ere badaude, azal zurietan ipintzekoak (ibilgailuetan eta abarretan) ere bai.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun