Euskararen arnasguneez hausnartuko dute gaur Algortan

Iker Rincon Moreno 2015ko api. 22a, 11:22

Azebarri kultur elkartea bueltan dator, eta ez edozein modutan, gainera. Azken hileotan barne lanetan murgilduta ibili ostean, proposamen garrantzitsua egingo diete Algortako eta eskualdeko euskaltzaleei. Gaur, eguaztena, 19:30ean, Ekin tabernan, "Euskararen ar­nasguneak, erabileraren erronka" gaitzat hartuta, kafe-berbaldian jardun­­go dute Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko irakasleak, Josu Amezaga EHUko irakasleak, Aiora Zulaikak "Pirritx" eta Mertxe Rodriguezek "Marimotots" pailazoek. Moderatzailea Fredi Paya bertsolari eta Azebarriko kidea izango da.

Oraintsu Azebarriren web gunean Amezagak gogoratu duenez, Getxo udalerrian 22.000 bat euskaldun bizi dira, biztanleriaren %28. Euskaldunok kopuruan hazteagatik datua «pozgarritzat» jo arren, erabilerari dagokionez «arazo larri bat» planteatzen duela dio irakasle algortarrak. Izan ere, «euskaldunak inoiz baino sakabanatuago daude erdaldunen artean», dioenez. Era bikoitzean, gainera, udalerrian ema­ten den sakabanatzeari askotan etxeetakoa ere gehitu behar baitzaio. Euskaraz bizi ahal izateko, erabakia eta Azebarri moduko harreman sareak behar direlakoan dago.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun