Gizonezko bat atxilotu dute Getxon bikotekide ohia mehatxatzea egotzita

Iker Rincon Moreno 2015ko api. 21a, 10:56

Ertzaintzak 22 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Getxon joan den domekan, hilak 19, bikotekide ohia mehatxatzea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Gertakaria goizeko 7:30ak aldera jazo zen. Ordu horretan, etxebizitza batera bertaratzeko agindua jaso zuen Ertzaintzaren patruila batek; izan ere, ustez neska bati mehatxuka ari zitzaion bere bikotekide ohia.

Agenteak tokira bertaratu eta, 20 urteko biktimagaz harremanetan jarri ostean, hasiera batean gizonezkoak telefonoz mehatxatu ziola jakin zuten, eta, ondoren, lan egiten zuen etxera joan zitzaiola. Han, buruan eraso egiteagaz mehatxatu zion, tinbrea behin eta berriro jo eta atea kolpatu ostean, polizia iturrien arabera. Jarraian, 22 urteko gizonezkoaren bila hasi ziren ertzainak, eta eraikinaren laugarren solairuan aurkitu zuten. Hura identifikatu ostean, atxilotu eta poliziaren bulegoetara eraman zuten.

Atxilotua epailearen esku jarri zuten atzo, astelehenagaz, Getxoko Guardiako Epaitegian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun