Gizarte Zerbitzuek mendetasun egoeran dauden pertsonen balorazioaren 441 eskabide bideratu zituzten iaz. Etxez Etxeko Laguntza da gehien eskatutako zerbitzuetako bat, etxean bertan zuzeneko arreta ematen duena. Horrez gainera, udalerriak babespeko apartamentuak ere baditu, ezarritako baldintza batzuk betetzen dituzten 60 urtetik gorako eta egoera fisiko eta psikiko ona dutenei zuzendutakoak. Iaz, horien okupazioa osoa izan zen, 56 pertsonagaz. Getxok 65 urtetik gorako pertsonakaz lankidetza sozio-sanitariorako protokoloa ere indarrean du, Uribe Kostako udalerrien eta Osakidetzaren artean sinatutakoa. Horren helburua da adineko mendeko pertsonei edo mendeko arriskuan daudenei begirako arreta hobetzea. Getxoko Udalak elkarlanean dihardu Ibar Nagusien Etxea (Itzubaltzeta / Romo), Urtealaiak (Andra Mari) eta AJANE (Algorta) pertsona nagusien elkarteakaz. Elkarte horiek urte osoan aisialdirako jarduera fisikoak zein psikologikoak antolatzen dituzte, euren egoitzak kudeatzeaz gainera.
Ikasle boluntarioak
Zabalketa gobernuz kanpoko erakundeagaz elkarlanean dihardu Artaza-Romo ikastetxeak. Hala, bertoko ikasleak, 15 eta 16 urte arteko neska-mutilak, garapenerako lankidetzaren inguruko materiala lantzen hasi dira, saio biko prestakuntza da: lehenengoan, bideo eta unitate didaktiko baten bidez, kooperazioa, elkartasuna, demokrazia, boluntariotza eta beste hainbat gai lantzen dituzte; bigarrenean, borondatezko lankide batek bere esperientziak azaltzen dizkie ikasleei. Hiru urte daramatzate lanketa horregaz, eta iaztik, hainbat ikaslek, borondatez, Getxoko Udal Zaharren Etxera bisitak egiten dituzte. Joan den ikasturtean hiru bisita egin zituzten; aurten, 2014-2015 ikasturtean, ostera, 6 bisita, abendutik hona. Horietan, hainbat jarduera egin dituzte egoitzako bizilagunakaz.