Jasotako proposamen denen artean aukeratutako lanak ekainaren 27an kalera aterako dituzte Algortako erdialdeko guneetan: plazetan, parkeetan, etorbideetan eta Getxoko Udalak Bihotz Alai plazan jarri ohi duen karpa eta agertoki handian. Erakusketak, kontzertuak, antzezlanak, performanceak, proiekzioak, poesia-irakurketak, berbaldiak, eta askoz gehiago egongo da GART’15 jaialdian.
Helburua edozein diziplinatako artistei euren lanak aurkezteko aukera ematea da, banaka edo taldeka, “haien zabalkundea eta herritarrekiko hurbilketa handituko duten ekintzen bitartez”, azaldu du Garrobik. Gauzak horrela, deialdian parte hartu gura duten artistek e-posta bidez egin beharko dute eskaera, euren datuak bidaltzearekin batera.
Getxoko Artisten Harrobia
Batetik, Getxoko errutina artistiko-kulturala sendotzeko asmoz sortu zuten Garrobi urtearen hasieran hainbat sortzaile gaztek. Nahiz eta udalerriko eskaintza kulturala zabala den, “herriko sortzaileen fruitua faltan” botatzen zuten. Baita “errutina kultural sano eta herrikoia” ere. Getxo eta inguruetako arte-kulturaren eskaintza indartzea zein bertoko artisten produktuak erakustea da Getxoko Artisten Harrobiaren helburua.